Hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek (Confebasken bilduta daudenak) aldi berean egin zuten inkesta, eta, hari esker, beste urte batez gizarte-eragileei heziketa- eta prestakuntza-eskaintza planifikatzen lagundu ahal izango diegu, eta enpresei, prestatuta dauden eta haien beharretarako egokiak diren pertsonak bilatzen.
Hori dela eta, lehenengo eta behin, inkestari erantzun dioten ia 200 enpresei eskerrak eman nahi dizkiegu. Inkestari erantzuteko denbora hartu izan ez balute, lan hau ezinezkoa izango zatekeen.
Inkestaren bidez, enpresen ekarpena jaso nahi izan dugu, lan-merkatuari eta haren beharrei buruzko ezagutza hobetze aldera: hain zuzen ere, kontratatzen dutenei iritzia zuzenean eskatuz, enpresei, alegia. Lehen eskuko informazioa jaso dugu, eta jakin dugu jarduerari eta kontratazioari buruz zer itxaropen eta aurreikuspen dituzten, zer profil eta espezializazio behar dituzten, zer kualifikazio- eta prestakuntza-premia dituzten, eta 2022an beharko dituzten langileak aurkitzeko zer zailtasun aurreikusten dituzten.
2021aren amaieran (lan-erreformaren aurretik) Gipuzkoako enpresek 2022rako adierazitako jarduera- eta hazkunde-aurreikuspenek sendoak izaten jarraitzen dute aurreko bi urteetan izandako Covid krisiaren ondoren, eta enplegua erabat berreskuratuko dela adierazten dute. Kontratazioaren aurreikuspenak indartsu jarraitzen du, eta enpresen % 62k adierazi du 2022an pertsona gehiago kontratatu behar direla, bai jardueraren hedapenagatik, bai jarduera berriei ekiteagatik. Gainera, aipatzekoa da erretiratzen diren pertsonak ordezteko eskaera gero eta handiagoa dela; horren ondorioz, 13.600 kontratu inguru egingo lirateke sektore pribatuan, eta horietatik ia % 60 mugagabeak izango dira, batez ere lanaldi osokoak.
Erretiroagatiko eta kargu-uzteengatiko, itxierengatiko eta/edo kaleratzeengatiko bajak kenduta, 5.700 enplegu garbi inguru sortuko lirateke aurten.
Sartu beharreko lanpostu berrien okupazio-talde nagusiak produkzioko eta ingeniaritza eta kalitateko teknikariak dira. Bete beharreko lanpostuen mota, berriz, honela banatzen da: % 44 unibertsitate-ikasketetarako, % 30 goi-mailako lanbide-heziketako zikloetarako eta % 19 erdi-mailako lanbide-heziketako zikloetarako.
Eta, azkenik, kontratatzen dituzten enpresen % 77k zailtasunak dituzte behar dituzten lanbide-profilak aurkitzeko, batez ere beharrezko prestakuntza edo espezializazioa aurkitzen ez dutelako edo eskatutako jarrera eta/edo interesik ez dutelako.