Orokorrean, soldatak ikasketa-mailaren arabera hazten dira, baina beti ez dela berdin gertatzen eta salbuespen batzuk daudela onartu behar da, baita aukeratutako ikasketa-familia motak eragin handia duela ere (normalean, industria, ingeniaritza eta osasunaren arloetan sari handiagoa egoten da).
Lehen hezkuntza bakarrik egin duten soldatapeko pertsonek batezbesteko irabaziak baino % 25 gutxiago izan ohi dute; bigarren hezkuntzako Bigarren etapa egin bada (Batxilergoa eta erdi-mailako LH), ezberdintasun hori % 12ra jaisten da, aldiz, goi-mailako LHko batezbesteko soldata antzekoa da; eta unibertsitateko hezkuntzarako, urteko soldata % 37 handiagoa da, EINren 2018ko Laur Urtez Behingo Soldata-egituraren Inkestako [1] datuen arabera.
Hala ere, Espainia osoko mailekin alderatzen badugu, ordainsari erlatibo handiagoa dugu ikasketa-maila baxuetan goi-mailakoetan baino: Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako Lehenengo etapa egin duten soldatapeko pertsonen soldata gordinak Espainiakoak baino % 20 handiagoak dira; bigarren hezkuntzako Bigarren etaparako, erdi- eta goi-mailako LH, % 11 - % 15 handiagoak dira; baina unibertsitateko hezkuntzarako, % 6,5 handiagoa soilik da.
[1] Lau Urtez Behingo Soldata-egituraren Inkesta Espainian ordainsariei buruz egiten den estatistika-eragiketa osoena da. Nagusiki, urteko batezbesteko irabaziari eta ordainsarien banaketari buruzko informazioa ematen du, hainbat aldagairekin gurutzatuta, esaterako, okupazioa, jarduera-adarra, kontratu-mota, antzinatasuna edo enpresaren tamaina. Hala ere, emaitzak nazio-mailan soilik eta autonomia-erkidegoen arabera eskaintzen dira.